Altamira estadioan egingo da jardunaldia uztailaren 1ean, eta estatuko atletarik onentsuenak elkartuko dira

Datorren uztailaren 1ean Ordiziako III. Atletismo Sari Nagusia - Jose Antonio Peñaren oroimenezko Mitina hartuko du Altamira estadioak, Txindoki Grupo Jaso Atletismo Taldeak antolatuta. Hamabi urte dira Gipuzkoan halako mailako mitina azkenekoz jokatu zenetik, eta Estatu mailako atleta onenetako batzuk elkartuko dira bertan; hala nola, Jonathan Okeudo (100 metro), Iñigo Perez (400 metro), Chabic Laghar (1.500 metro), Hassan Oubaddi (5.000 metro), Thibas Gebre (Espainiako txapelduna eta olinpiar jokoetan parte hartu dueña), Ricardo Rosado (1500 metro) eta baita Alazne Furundarena abiadura-lasterkari ordiziarra ere (100 metro). Sergio Sanchez (Munduko txapeldunorde 3000 metrotan) ere litekeena da Ordizian egotea...


Guztira 11 proba jokatuko dira 18:00etan hasita, bost emakumezkoenak (100 metro, 200 metro, 800 metro, luzera-jauzia eta pertika jauzia) eta sei gizonezkoenak (100 metro, 400 metro, 1500 metro, luzera-jauzia, pertika jauzia eta 5000 metro). Mitinean parte hartzeko izen-emate epea ekainaren 28ko 14:00ak arte egongo da zabalik. Espainiako Atletismo Federazioaren (RFEA) bidez egin beharko da, eta egun berean emango dira ezagutzera proben ordutegiak, proba bakoitzean izena ematen duen atleta kopuruaren arabera. Probak 18:00etan hasiko dira, eta haurrentzako eta atleta herrikoientzako probak ere jokatuko dira, 4x400.

Proban parte hartzeko gutxieneko denborak Espainiako Federazioaren 2016 edo 2017ko marken rankinean jasoak egon beharko dira –hala ez bada, marka lortutako probaren agiria erakutsiko beharko da–. Marka horiek lortu ez, baina horietatik gertu dauden atletek ere izena eman ahal izango dute mitinean. Markei buruzko edozein kontsulta egiteko Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzi behar da. Mitiñeko marka ontzea lortzen duten atletek 400 euroko saria jasoko dute, eta proba bakoitzaren irabazleak 100 euro.

Goi mailako atletak

Ordiziako III. Atletismo Sari Nagusia aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundian Gipuzkoako kiroletako zerbitzu buru Iñaki Iturriozek, Txindoki Grupo Jaso Atletismo Taldeko zuzendari teknikoa den Jon Etxeberriak, Ordiziako alkate Jose Migel Santamariak, Amaia Andres Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidenteak, Eneko Agirrezabal Txindoki Grupo Jaso Atletismo taldeko lehendakari eta atletak.
Ordiziako atletismo taldea 1976an sortu zen Villafranca UD-ren egiturapean. Gaur egun, Txindoki Grupo Jaso atletismo taldea da klubaren izena. Azken urteak oparoak ari dira izaten hauek bai emaitza aldetik eta baita ere fitxa kopuru aldetik ere, 150 inguru.

Jose Antonio Peñaren heriotzak –orain dela bi urte hil zen– eta aspalditik Gipuzkoan pistako eliteko atletismo proba baten gabeziak bultzatu ditu Txindokikoak mitin hau antolatzera. Izan ere, maila honetan Gipuzkoan antolatzen den proba bakarra da Ordiziakoa. “Aukera hau aprobetxatu nahi dut laguntzaile eta babesle guztiei eskerrak emateko, beraiek gabe ezingo genukeelako mitin hau aurrera eraman”, azaldu du Etxeberriak.

Ordiziako mitinean honako atletak elkartuko dira, besteak beste: Jonathan Okeudo (orain dela bi urteko mitinaren irabazlea), Iñigo Perez nafarra (400 metrokoan arituko da), Chakib Laghar (1.500 metro), Igor Legarda (luzera jauzian), Rosado (1500 metrotan) eta Hassan Oubaddi (5.000 metro). Emakumezkoetan, Alazne Furundarenak parte hartuko du 100 metroko proban, Gipuzkoako errekorra egiteko intentzioarekin. Bertan izango da ere Thibas Gebre (Espainiako txapelduna eta olinpiar jokoetan parte hartu dueña) 5000 m-ko proban. Txindokikoek mutilezkoen 1.500eko proban parte-hartzeko atleta askok eman dutela izena nabarmendu dute.
Jose Migel Santamaria alkateak Txindoki Atletismo taldeak egiten duen lanari egin dio aipamena. “Aspalditik datorren lan sakona egin du klubak atletismoa sustatzen, eta udalak berak ere apustu sendoa egin du klubari laguntzeko”. Amaia Andresek “poz handia” du Ordizian proba hau antolatzeko egiten duten ahaleginarengatik.

José Antonio Peñaren oroimenez

Kirolari, eta bereziki atletismoari, lotuta baino ezin da ulertu Jose Antonio Peña Lizarragaren figura. Ordiziarra jaiotzez, pisu-jaurtiketan Espainiako Txapeldun izatea lortu zuen gaztetan, eta garaiko Villafranca UD-ren saskibaloi taldean ere jokatu zuen.
80ko hamarkadaren erdialdean Ordiziako atletismo klubeko entrenatzaile hasi zen, eta azken 30 urteetan denetariko zereginak izan ditu klubean. Haren ondoan aritu izan dira Alazne Furundarena,
Iker Sukia, Odei lopez, Jon Aranburu, Lidia Frías... bezalako atletak, eta baita beste dozenaka eta dozenaka atleta ere.
Espainia mailako atletismo epaile izan zen, eta karguak izan zituen Euskadiko eta Gipuzkoako atletismo federazioetan, eta harreman estua izan zuen estatu mailako atletismoa kudeatzen zutenekin. Atletismoa erakusten eta sustatzen egindako lanarengatik, Ordiziako Udalak eta Ordiziako Kirolaren Batzordeak herriko plaka eman zioten orain zortzi urte bizitzan zehar kirolaren alde egindako lanarengatik. Zaila izango da Goierriko atletismoan hark utzitako hutsunea betetzea.