Image
Image

Argitu tailerra: energia modu eraginkorrean erabiliz aurreztu

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Ordiziako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutzera emateko tailerra antolatu du, maiatzaren 11ean, 18:00etan, Udaletxeko Batzar Aretoan.

Denok erabiltzen dugu energia (argiterian, berokuntzan, sukaldean…) gure egunerokotasunean, horregatik da guztiontzako interesgarria saio hau. Norberak bere etxean ezarri ditzakeen eraginkortasun neurrietarako beharrezko materialak erakutsiko dira eta energia aurrezteko balio duten ohitura aldaketak zein diren azalduko da. Parte hartzen dutenei, “Energia-aurrezkiari eta –eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida” banatuko zaie. Gida honetan modu erraz eta ulergarrian azaltzen dira energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren hainbat aholku.

Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, maiatzaren 9a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
  • Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-248 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

  • Nola egokituko etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe
  • Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
  • Ibilgailu elektrikoa eta mugikortasun jasangarrirako aukerak.
  • Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute (Berria)
  • Energia Argitu kit kanpaina (Berria): kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

Ordizia, Beasain, Lazkao eta Olaberriako Udalek, eta eta Goierri Fundazioak San Isidro baserriaren eta CAFeko pabiloien atzealdean dagoen oinezkoen bidea eraberritzea adostu dute

Ordizia, Beasain, Lazkao eta Olaberriako Udalek, eta Goierri Fundazioak San Isidro baserriaren eta CAFeko pabiloien atzealdean dagoen oinezkoen bidea eraberritzeko hitzarmena izenpetu dute. Oinezko bidearen konpontze eta hobetze lanak exekutatzea eta finantzatzea adostu dute lau udalerriek eta Goierri Fundazioak.

Sinadura Udalak CAF

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira gaur Carlos Ormazabal Urbizu Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko lehendakaria, Jorge Mancisidor Goierri Eskolako zuzendaria, Adur Ezenarro Agirre, Ordiziako alkatea, Leire Artola Ugalde Beasaingo alkatea, Kepa Zubiarrain Erauskin Lazkaoko alkatea eta Jokin Garmendia Asurabarrena Olaberriko alkatea.

Ordiziatik eta N-I errepidetik datozen ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbideez gain, Goierri Eskolak beste sarbide bat izan du, historikoki ezaguna eta ikasle askok erabili izan duten eta egun erabiltzen dutena, “Granja San Isidro” delako baserriaren ate aurrean hasi eta Beasain eta Lazako aldera jaisten den oinezkoen bide zehazki. Bide hau, nagusiki Beasain eta Lazkaoko ikasleek, irakasleek eta langileek erabiltzen dute, baina era berean ibiltari eta zikloturista ugarik ere bai.

Oinezkoentzako bide hori kontserbazio-egoera txarrean dago, eta konpontzeko eta hobetzeko obrak egin behar dira: hormigoizko zoru berria bota, argiteria jarri eta oinezkoen erabilera bermatuko duten hesi eta seinaleak jarri.

Bideak, 834 metro inguruko luzera du, San Isidro Granjatik hasi eta CAFeko pabilioien atzean dagoen bidearekin bat egin arte. Bidea jabari publikoko lurretatik igarotzen da, Fundazio beraren jabegoko eraiki gabeko lursail industrialetik, zati batean, eta bestean San Isidro baserriaren lurretatik.

66.000 euroko inbertsioa

Lanen inbertsioa 66.033,63 eurokoa izango da. Olaberriako Udalak biztanle kopuruaren araberako kostuaren zatia ordainduko du eta gainontzekoa Beasain, Lazkao eta Ordiziako Udalek finantzatuko dute, bakoitzak heren berdin bat ordainduta. Hala, Olaberriako Udalak 1.412,49 €, Beasaingo Udalak 21.540,38 €, Lazkaoko Udalak 21.540,38 € eta Ordiziako Udalak 21.540,38 € jarriko ditu.

Goierriko Herrien Ekintza Fundazioak, berriz, aipatutako oinezkoentzako bidea konpontzeko eta hobetzeko lanak sustatuko ditu. Horretarako beharrezkoak diren proiektu teknikoak, azterlanak edo aldez aurreko dokumentuak enkargatuko ditu eta obren exekuzioa bideratuko du. Era berean, udalek haien zerbitzu teknikoen laguntza ere emango dute.

Karlos Ormazabal Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko lehendakariak eskerrak eman dizkie lau udaletako ordezkariei, Goierri Eskolara doazen ikasleen irisgarritasuna, mugikortasuna eta segurtasuna hobetzen laguntzeko proiektu honetan eman duten laguntza guztiagatik.

Ekogela: birziklatuz, produktu berriak sortuz

Ordiziako Udalak ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin azaroaren azkeneko astean Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egin, eta bertan aurkeztu zuen Ekogela proiektu berritzailea. Hain zuzen ere, Ordizia 2030 Ekintza Planean jasota dagoen moduan, gai estrategikoa da ingurumenaren zaintza. Eta bide horretan, Ordiziako Udalak Ekomodo enpresarekin eta Ordiziako Jakintza, Urdaneta eta Oianguren ikastetxeekin batera hasi zuen egitasmoa da, eta herritarren parte hartzea ere nabarmena izan da.

Tapoi bilketa martxan egon da Barrena jauregian, Oiangurenen, Jakintzako bi eraikinetan, Urdanetako bi eraikinetan, Zuhaiztin eta Majori-Altamira kiroldegian.  Baina zer egingo da tapoi horiekin? Behin bildu ondoren, horiek birziklatu eta produktu berria sortuko da. Hain zuzen ere, banku bat sortuko da eta hori herrian zehar jarriko da. 

“Oso gustura gaude jendeak izan duen parte hartzearekin. Tapoi ugari bildu ditugu eta orain horiekin eserleku bat sortzeko prozesua hasiko da, eta prozesu hori amaitutakoan kokatuko dugu eserlekua. Zalantzarik gabe dugun erronka handienetakoa da ahalik eta hondakin gutxien sortea, baina behin sortuta dagoela bigarren erabilera bat ematea ere garrantzitsua da. Ekonomia zirkularrean oinarrituta, tapoi horietatik aulkia sortuko da. Modu horretan, Ordizia 2030 Ekintza Planean jasotako helburuak betetzen goaz”, nabarmendu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.

Eskola bidea sortu du Udalak ikastetxeekin elkarlanean

Ordiziako Udalak mugikortasun jasangarria ardatz du eta hori lortu eta bultzatzeko ekimen eta proiektu ezberdinak garatzen ari da, eta jarraituko du. Bide horretan, azken urratsa herrian zehar eskola-bidea margotzea izan da. Hala, herriko hainbat guneetan kolore desberdinetako oinatz batzuk margotu dira, eta elkartzeko puntu batzuk ere bai. Horiek izango dira Ordiziako eskola-bidea identifikatzeko elementuak.

“Proiektu honen helburua da ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitzeko aukera izatea, eta espazio publikoaren erabilera berreskuratzea. Herriko bi ikastetxeek modu bateratuan egin dute proiektua Udaltzaingoarekin batera, eta ekimeneko partaide aktibo izan dira. Jakintza Ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko ikasle gehienek ibilbide berdintsuak erabiltzen dituzte eta modu honi esker puntu horiek identifikatuta izango ditugu Ordizian”, zehaztu du Ainhoa Jimenez, hezkuntza zinegotziak. Hain zuzen, elkargune eta ibilbideak margotzeko Udalak eredu bezala txantiloi batzuk prestatu ditu eta bi ikastetxeetako ikasleek txantiloi gehiago egin dituzte. Udal langileek txantiloi hauek erabiliz kaleetan eskola bidea margotu dute.

Horrez gain, Maitane Alvarez alkateordeak gaineratu du eskola-giroan “mugikortasun aktiboa sustatzea tresna eraginkorra” dela herritarrak “txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari ekartzen dizkion onurez”.

Mugikortasun jasangarri bat lortzeko bidean Udalak hainbat ekimen ere martxan jarri ditu, besteak beste, oinezkoari lehentasuna emateko espaloietan belarriak izeneko eremuak sortu dira eta sortuko dira, eta zebra bideak oinezkoen mailara igo dira, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Bestalde, Ordiziako Mugikortasun Plana berritzen ari da, jasangarritasunari lehentasuna emanez.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image