ekobizi prentsaurreko1Bioeraikuntzari, energia berriztagarri eta kontsumo arduratsu eta iraunkorrago bati eskainiko zaio azoka

Iban Asenjok, Garapen iraunkorra eta mugikortasuneko zinegotziak, Leire Garmendiak, Agenda 21eko teknikariak eta Jesus Mari lariz, jai eta azoketako teknikariak, prentsaurrekoa eskaini dute gaur arratsaldeko 16:00etan Pleno Aretoan hilabete honetan ospatuko den Ekobizi azokaren nondik norakoak azaltzeko. 

Ordiziako Udalak 2004. urtetik dihardu garapen iraunkorraren aldeko apustua egin eta bide honetan ekimen ezberdinak lantzen, betiere ingurumenarekiko errespetua eta bizimodu iraunkorrago bat lortzea helburu hartuta. Honetarako beharrezkotzat jotzen du herritarra kontsumo iraunkorrerako irizpideen inguruan informatu eta sentiberatzea.

Asmo honekin sortu zen 2010ean EKOBIZI azoka, herritar orori bioeraikuntza, energia berriztagarri eta kontsumo arduratsuaren inguruan dauden aukera ezberdinen inguruko informazioa zabaltzeko helburuarekin. 

Aurtengo EKOBIZI azoka apirilaren 26 eta 27an izango da, Ordiziako Beti Alai frontoian. Aditu eta teknikari direnentzat bereziki interesgarria izango bada ere, herritar orori irekita egongo da, bizimodu ekologiko eta osasungarriago bat eramateko aukera ezberdinen inguruko informazioa partekatu ahal izango baita bertan. 

Aurtengo edizioan hainbat berrikuntza gehitu dituzte gainera. 30 stan baino gehiago egongo dira ikusgai; Euskal Herrikoak gehienak. Bestetik, umeentzako ekitaldiak egongo dira eta Oianguko auzolanean parte hartzeko aukera egongo da baita ere.