Tokiko Agenda 21 programaren baitan egiten ari da garbiketa osoa

Ordiziako Udala udalerriko bi ibai nagusietako ubideak garbitzen ari da. Oria eta Amundaraingo lau kilometro eta erdian burutzen ari dira lanak aurreko astean eta aste honetan ere horretarako kontratatutako Txukun Lorezaintza enpresaren bidez. Oraingoz 3.500 kilo zabor atera dituzte, eskuz, ibaiari ahalik eta kalte gutxien egiteko. Pisatu, sailkatu eta Ordiziako Garbigunera eramaten dira egunero.

Programaren asmoa 2030. Urterako finkatuta dauden Garapen Iraunkorreko programaren tokiko eta bailarako helburuak betetzea da. Ibaien garbiketa 14.puntuan dago barneratuta eta ibai, ozeano, itsaso eta itsas baliabideak artatzea eta modu iraunkorrean erabiltzea eskatzen du.

Garbiketa urtean behin eta eskola-kanpainak

Azken urteotan ikasleei zuzendutako garbiketa lanak egin ohi dira, batik bat  sentsibilizazio kanpaina gisa. Legealdi hasieran Udalak hondakinen bilketari buruzko galdeketa martxan jartzeko Hondakinen Mahaia eratu zuen. Mahaiak martxan jarraitzen du eta parte-hartze foro honetan jaso zen garbiketa sakonagoa egiteko eskaera. ‘Argi dago sentsibilizazio kanpainak ez direla nahiko ur-bideak osotasunean garbitzeko. Hala, argi genuen lan profesionala beharrezkoa zela eta aukera sortu denean egin da. Oso gustura gaude emaitzarekin’, esan du Joseba Aranburuk, Ingurumeneko zinegotziak.

Era berean, Mahaiak aurrekontuetan urtero garbiketa egiteko partida jasotzea adostu duela eta eskolekin batera sentsibilizazio kanpainak egiten jarraituko dela adierazi du zinegotziak. ‘Hondakin izugarri sortzen dugu eta hori arazo bat da. Horretaz jabetu behar gara eta gure ohiturak aldatu behar ditugu, hondakin gutxiago sortuz eta sortzen duguna behar den bezala kudeatuz. Kalean, ibaietan, itsasoan edota mendian botata  ez genuke zaborrik ikusi behar. Ez dugu ahaztu behar gainera erreka garbitzean erreka inguruko faunak behar duen habitata hobetzen ari garela eta horren adierazle azkenaldian dabiltzan lertxun handia eta martin arrantzalea dira.  Ibai garbia zor diegu’, amaitu du Aranburuk.

Lanen kostua 4.100 eurokoa da. Udalak 1.722 euroko diru-laguntza jasoko du, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamentutik Tokiko Agenda 21ak garatzeko eta tokiko eta eskualdeko 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko programatik.