Proiektua erredaktatzeko aurrekontua behar du eta azpiegiturak Eusko Jaurlaritzaren eta GFA-aren bidez eskuratuko liratekeen laguntza europarrak

Jose Miguel Santamariak, Ordiziako alkateak eta Arantxa Fernandez, Joseba Aranburu eta Iñaki Dubreuil zinegotziek herriko erdigunean aparkalekua egin ahal izateko proiektua erredaktatzeko 2018ko aurrekontuetan partida bat sortzeko beharra arrazoitzen duen datuak eman dituzte ezagutzera. Era berean, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza laster Ordiziara etorriko dela jakinarazi dute, aparkalekua Eusko Jaurlaritzaren bidez Europa Batasunetik finantzatzeko dauden aukerak eta baldintzak azaldu eta argitzeko.

Santamariak azaldu du Ordiziako azoka eta merkataritza bultzatzea dela parkina egitearen helburuetako bat, eta helburua bat datorrela Europak eman ditzaken laguntzekin. Ordizia azoka, komertzio eta zerbitzu herria dela gogoratu du. ‘Hori oso kontutan hartu behar dugu herritarrei ongizatea eta etorkizuna kudeatzeko aukera dugunok, udal gobernuan egonda edota oposiziotik ere’.

Laguntzak eskuratu ahal izateko proiektua erredaktatzea da lehenengo eman beharreko pausua, eta horretarako aurrekontuetan diru partida bat aurreikusi behar da. Proposamena martxoaren 1ean egingo den Osoko bilkuran landuko dira. ‘Ordiziak duen aukera honi ateak ez ixteko eskatzen diogu gehiengoa duen eta aurretik proposamenaren aurka bost aldiz bozkatu duen oposizioari, ordiziarrok orokorrean eta bereziki merkatariek eta azokak behar dugun azpiegitura baita’, esan duten udal gobernuko ordezkariek. Udaletxean oposizioak gehiengoa izanda, herritarrak ez dituela aintzat hartzen esan dute. ‘Herritarrei galdetu egin diegu eta Mugikortasun mahaian parte hartu nahi izan dutenei ere kontutan hartu zaie’.

Aldi berean, kanpotik jaso daitekeen diru-laguntzak helburu zehatza du, ‘proiektu konkretu bati zuzenduta dago eta ezin da beste batengatik aldatu’, argitu dute, maila horretako diru-iturria lortzea ez dela batere erraza azpimarratuz.

125 ekarpen eta 300 telefono galdeketa

Hala, Ordiziako Udalak iaz, azaroan eta abenduan, parte-hartze prozesua bat burutu zuen herritarren iritzia ezagutzeko mugikortasunari lotutako gaien inguruan. Guztira  300 telefonoa galdeketa izan ziren, ekarpenak on-line bidez jasotzeko ere deialdia zabaldu zer eta tailer bat ere antolatu zen. ‘125 ekarpen jaso ziren eta bi gai dira nagusiki errepikatzen direnak’, dio alkateak.

Hala, emaitzak jasotzen dituen txostenean aparkaleku falta eta erdigunean parkina egiteko beharra agertzen da nagusiki, bereziki erdigunetik kanpoa bizi diren pertsonen aldetik eta erosketak egitera eta ekintzaren batengatik gerturatzen direnen partetik. Bestalde, jakitera eman denez, ‘trafikoaren noranzko edo norabideei buruz lotutako iritziak jaso dira, batez ere Gudarien Etorbidearen ingurukoak’.

Datuak zehazte aldera, galdeketari erantzun ziotenek diote aparkaleku ‘gutxi’ dagoela eta herrian barrena gidatzeko ‘buelta asko’ eman behar dela. %67ak dio arazo nagusia aparkatzerakoan izaten duela; %71ak ez dela nahikoa dagoen aparkaleku kopurua, batez ere erdigunean, eta %70a parkina egitea ‘beharrezkoa’ dela dio. Hau da, galdeketari erantzundako lautik hiru dira dagoen aparkaleku kopurua gutxiegi dela dioenak.

Trafikoaren antolakuntzaren nota 5,78koa da, gehien 10 izanda. ‘Nota nahiko bat  da, baino hobetzeko tartea handia dago’, esan dute udal ordezkariek. Aparkatzeko aukerak ordea 3,78ko nota du. Bidegorri sareari dagokionez, herrikoak 6,33ko nota du eta herri artekoak 6,27koa.

Parte-hartze prozesu honen helburuen artean, aurrekoetan bezala, honakoak azpimarra daitezke: herritarrak herriaren kudeaketaren parte izatea eta beharrak ezagutzeko bidea erraztea. ‘Hori da bidea tokiko erakunde modernoagoa, gardenagoa eta gertukoa izateko’, amaitu dute.