N-1etik San Bartolome ingurura dagoen sarrera-irteera eta Eroski kokatuta dagoen ingurunea egokituko dira

Ordiziako San Bartolome auzoko trafikoak berrantolatuko dituen proiektua diruz laguntzeko hitzarmena sinatu dute gaur Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretarako diputatuak eta Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkateak. Ekimen honen baitan, foru erakundeak inguru hau egokitzeko hitzarmena sinatuko du Ordiziako udalarekin eta, besteak beste, San Bartolome auzoak N-1etik daukan sarrera-irteera adarra berrituko da, oinezkoentzako espaloia eta bizikletentzako bidegorria eginez. Eroski hipermerkatuaren inguruan ere egokitzapen lanak egingo dira. Proiektu guztiaren aurrekontua 433.034 eurokoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur egungo N-Ieko lotunea eta aparkaleku eremua lotzen duen errepidearen aktuazioa hartuko du bere gain. Proiektuaren zati honen kostua 266.186,42 eurokoa da.

Hamalau asteko iraupena izango du obrak

N-1 errepidetik Ordiziara dauden lau sarreretako bat da San Bartolome. Trafiko gutxien duen sarrera baina, zirkulazioa bi norabideetakoa denez, auzoarentzat gehiegizkoa dena. Gainera, Eroski bertan kokatuta dagoenez, oinezkoen joan-etorri handia egoten da beheko pasoan. Auzoak gaur egun bizi duen egoera hori konpondu asmoz jarri da martxan ekimena. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak adierazi duenez, “N-1eko sarrera irteera erabat aldatuko da. San Bartolome kalea norabide bakarrekoa izango da eta horrek espaloiak zabaltzeko aukera emango digu. Merkatal zentroa bertan dagoenez oinezko asko ibiltzen da zonaldean eta horiek segurtasunean asko irabaziko dute ”.  Goierri Eskola eta Tren Geltokiaren arteko ibilbidea asko erraztuko dela ingurunearen berrantolamenduarekin gehitu du Oiarbide diputatuak.

Lanak abenduaren erdialdera hasiko dira eta 14 asteko iraupena izatea aurreikusten da.