5. eta 6. mailako ikasleak naturaren inguruko gaiak parkean lantzen ari dira

Maiatzean zehar martxan da Oiangu Natur Eskola. Honen bitartez Ordiziako Udala, Aranzadi Zientzia Elkartea, Oiangu Baserria eta herriko ikastetxeen arteko elkarlana sortuko da. Helburua, herriko ikastetxeei euren Curriculumeko gaiak (edo osagarriak), ‘in-situ’, naturarekin harreman zuzena izanez lantzeko aukera ematea da. Ikastetxeekin adostutako programa baten barruan txertatzen da, honek ikasketa prozesu zein herri-mailan dakartzan onura guztiekin.

Parte hartzen ari diren ikasleak Lehen Hezkuntzako 3. ziklokoak izango dira (5. eta 6. maila), denera hamaika talde. Urdaneta eta Jakintza ikastolako ikastetxeekin Oiangura irteerak egiten ari dira. Egun osokoak dira, Urdanetakoek maiatzaren 4, 5, 8, 9, 11 eta 12an; eta 16, 17, 23, 24 eta 26ean Jakintzakoek.