Erabilera ona, sorkuntza eta gaitasun digitalak garatzea da helburua

Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuari eta Kode Eskolari esker Ordizian, martxoaren 9tik 15era, Kultura Digitalaren astea martxan jarriko da. Ordiziako Udaleko Gazteria Sailarekin elkarlanean egingo dira ekintzat eta jarduerak.

Ekintza eta jardueren eskaintza zabala antolatu da datozen egunotarako. Gaur hasita eta martxoaren 14ra arte, adin tarte guztietakoek,  familiek baita haur, nerabe eta gazteekin lana egiten duten profesionalek ere hainbat gaien inguruan hausnartzeko eta trebatzeko aukera izango dute.

Ekimenak KULTURA DIGITAL@: erabilera ona eta sorkuntza”goiburua du. Aste honen helburua da haurren eta gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzean aurrera egitea eta garapen kulturala eta soziala ahalbidetzea. Gipuzkoako Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzua alfabetatze, gaitasun eta barneratze digitalak sustatzeko bidean lanean ari da, baita sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko ere.

Hala, Ordiziak eta eskualdeko herritarrek aukera izango dute martxoaren 9tik 15era antolatutako eskaintza zabalean parte hartzeko. Alde batetik, ikasgela ibiltarian, udan herriz herri ibili zen autobusean (programazio-tailerrak eskainiko dira Nikolas Lekuona Plazan). Eta bestetik, Barrena kultur etxean, haurrei, gazteei, gurasoei eta arloko profesionalei zuzendutako hainbat hitzaldi, tailer eta ikuskizun egingo dira. Gainera, ikastetxeei parte hartzeko aukera berezia emango zaie, goizeko orduetako txandak erreserbatzeko  aukera emanez.

Larunbateko ekintzak Gaztelekuan, Lukusain plazan izango dira.

Karpan herriko ikastetxeek, elkarteek, erakundeek beraien proiektuak aurkezteko eta besteenak ezagutzeko aukera izango dute.

Ordizia, aitzindari digitala

Ordizian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, iazko herriko umeen jaiak aprobetxatuz, uztailean gela ibiltaria egon zen herrian eta programa horrek harrera oso ona izan zuen.

Bestalde, azken hiru urteotan, Ordiziako Nerabeen Zerbitzuaren bitartez eta herriko nerabeekin batera, Instant1ean proiektuan parte hartzen da. Irudien lehiaketa formatuan, aisialdian, nerabeek euren bizitzako esperientziak partekatzen dituzte “Ni ere sarean ondo” lelopean. Sarean ondo jokatzeko eta beren eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren argitzeko proiektua da.

Bukatzeko, proiektuan parte hartuko duten herritarrei, batez ere,Goierri eskola eta Oianguren institutuko ikasleei eskerrak eman nahi zaie beraien proiektuak ezagutzeko eta partekatzeko aukera emateagatik.

Eskerrona Gipuzkoako Foru Aldundiari ere luzatu nahi zaio, eskualdeko programa hau Ordizian garatzeko aukera emateagatik, Goierrin erreferentea izateagatik eta, batez ere, haur, nerabe, gazte, profesional eta familiei Kultura Digitalaren astean parte hartzeko parada emateagatik.

*Argazkian, Bittor Bolinaga (Gaztedi eta Kiroletako zinegotzia), Goizane Alvarez (Gaztedi eta Kiroletako foru zuzendaria), Jose Miguel Santamaria alkatea eta Gaztedi saileko udal teknikoa, Koro Ruiz.

PROGRAMA: