Image
Image

ASTEROKO ARGAZKIA: KORPUS EGUNEKO PROZESIOA

Gaur, osteguna, Elizak Korpus Kristi eguna ospatzen du eta gure herrian oraindik, egun horretako prozesioa mantendu da, baina ostegunetik hurrengo igandera pasa da. Hemen uzten dizkizugu hainbat argazki. Ikusiko duzuenez garai bateko handitasuna edo solemnitatea galdu egin da, baita kaleko apaingarriak ere, eta garai batean herriko hainbat guneetan (Barrenan, arboledan, Jauregi botikan…) jartzen ziren aldareak ere ez dira jartzen eta Plaza Nagusian bakarrik mantentzen da aldarea. Baina herriko Bandaren presentziak, eta kaleetan barreiatutako belarrak bizidun diraute Ordiziako prozesioan.Argazki gehiago ikusteko sakatu  behean GEHIAGO IRAKURRI laukitxoan.

ORDIZIAKO KALEETAN ZENBAT ERABILTZEN DA EUSKARA?

Hainbat datu emango dituzte ezagutzera Soziolinguistika Klusterrak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak astelehenean 19:00etan Barrenan

Soziolinguistika Klusterrak 2017ko martxoan zehar hainbat egunetan euskararen erabilera datuak jaso zituen Ordiziako kaleetan zehar. Kale-neurketa hauetan erabiltzen den teknika behaketa zuzena da; hau da, ezertxo ere galdetu gabe, neurtzaileek herriko kaleetan zehar topatzen duten jendeak darabilen hizkuntza jasotzen da. Hori dela eta, neurketetan aritu direnek, ordiziarrek hitz egitean duten joera naturala jaso dute. 

Ekainaren 19an 19:00etan Barrenako Areto Nagusian izango den aurkezpen-bileran, lan honek eman dituen emaitzak aurkeztuko ditu Soziolinguistika Klusterreko kide den Belen Urangak: euskararen erabilerak izan duen bilakaera Ordizian azkeneko urteotan, beste hizkuntzen presentzia zein den, sexuen arabera euskara zenbat hitz egiten den, adin-tarte desberdinetan (haur, gazte, heldu eta adineko) zenbat hitz egiten den, Ordiziako zonalde bakoitzean euskaraz zenbat hitz egiten den…

Herritarrak eta eragileak gonbidatuta

Kale Neurketen emaitzak beharrezkoak dira euskararen sustapenean lehentasunak ezartzeko. Guztiok euskararen sustatzaile izanik, Ordiziako Udalak herritar guztiei egin nahi die aurkezpen-bilerara etortzeko gonbidapena, datuak ezagututa, ondorioez edo interpretazioez elkarrekin hitz egiteko.  

ZABU ZIBU OSTEGUNERO

Euskararen erabilera handitzea du helburu

Ordiziako Udalak eta Urtxintxak, Zabu Zibu izeneko egitasmoa jarri dute martxan aurten ere. Egitasmo honek, kalean eta parkeetan euskararen erabilera handitzea du helburu. Horretarako, ekainaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, hau da, ostegunero, Ordiziako Plaza Nagusian jolas dinamizatzaileen laguntzaz, jolas saioak burutuko dira. Hiru eta bost urte bitarteko haurrak eta euren familiak daude gonbidatuta

KOMIKI LEHIAKETAK BADITU IRABAZLEAK

Bederatzigarren edizioara 120 lan aurkeztu dira

Udaleko Euskara Zerbitzuak duela bederatzi urte jarri zuen abian Komiki lehiaketa.  Lagunarteko erregistroa euskaraz erabiltzea du helburu eta lehiaketa aurretik Lagunarteko hizkeraren ikastaroa antolatu zen ikastetxeetan.

Oianguren institutuarekin eta Jakintza ikastolarekin elkarlanean antolatzen da eta 15 urtetik gorako gazteek hartzen dute parte. Bi maila bereizten dira:

-A maila: DBH4ko gazteak.

-B maila: batxilergoko 1. eta 2. mailak.

Besteak beste, irudimena eta originaltasuna baloratzen dira lanak epaitzerakoan eta istorio dibertigarriak, aldarrikatzaileak, etab irakurtzeko aukera izan da gazteen sormenari esker. Epaimahaian Goztiri AEK euskaltegia aritu da.

120 lan jaso dira guztira eta saridunak ondokoak izan dira:

-A mailan, 1. saria: Leire Herzog (Jakintza ikastola)

-A mailan, 2.saria: Asier Alvarez (Oianguren institutua)

-B mailan, 1. saria: Anne Guiu (Oianguren institutua).

-B mailan, 2. saria: Izaro Nieto (Jakintza ikastola)

*Argazkian, sarituak Josi Iturrioz zinegotziaren eskutik sariak jasota gero.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image