Image
Image

Lehen hitza, beti euskaraz

Ordiziako Udalak, beste hainbat udalerriren antzera, bat egin du “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” kanpainarekin. Helburua herriko establezimenduetan lehen hitza beti euskaraz egitea da. Ordiziaren kasuan, gainera, kanpaina honek erakutsiko digu udalerriko ia-ia establezimendu guztietan euskara dela nagusi, bai merkataritzan eta baita ostalaritzan ere.

Gertukoa aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu. Konfiantzaren adierazle handiena da “betikoa” eskatzea. Ezagutzen dugu dendaria, produktua, eta dendariak ezagutzen gaitu. Baina bada konfiantza sortzeko bide azkar eta seguru bat: nor bere hizkuntzan artatua izatea.

Horretarako Ordiziako Udalak kanpaina berezi bat jarriko du martxan. Datorren ostegunean Ordiziako etxebizitza guztietara iritsiko da eskuorri bat: bertan kanpainaren nondik norakoak azalduko dira, eta beheko aldean zigiluak jartzeko espazioa izango da. Hain zuzen ere, kanpainari atxikitako herriko establezimenduetan euskaraz eskatzen duten herritarrei zigilutxo bat jarriko zaie azpiko taula horretan. Taula betetakoan, Ordizian Merkatari elkartean egongo den buzoian sartu beharko da, eta 50 euroko erosketa-bonuen zozketan hartuko dute parte. Abenduaren 31a arte iraungo du kanpaina honek

Euskararen kriseilua, euskara piztuta mantentzeko

“Ordiziako familiei egin nahi diegun proposamen bat aurkeztera gatoz gaur. Euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta gure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena da”, azaldu du Maitane Alvarez, euskara zinegotziak.

“Etxea ezinbesteko gunea da hizkuntzaren transmisio eta sozializaziorako, azken batean, kalean, eskolan eta etxean, gertutik, hurbiletik egiten delako transmisio hori. Denok partekatzen dugu hizkuntza jaso, bizi eta hurrengoei pasatzeko ardura”, gehitu du zinegotziak.

Gauzak horrela, hizkuntza su txiki, argitsu eta koloretsu baten moduan irudikatzen du aurkezten ari garen Euskararen Kriseilua egitasmoak. Euskaltzaleen Topaguneak sortu, eta Ordiziako udalak, herriko ikastetxeen laguntzaz, bere egin duen proiektua da hau.

Esan bezala, bi gonbidapen egiten dizkiegu 4 eta 9 urte bitarteko haurrak dituzten familiei:

  • Lehenik euskararen sua bizirik mantentzea, Euskararen Kriseilua etxera eraman, zaindu eta hizkuntza erabiltzea.
  • Bigarrenik, Kriseilua etxean duten egun horietan, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu eta elkarrekin ohitura horiek hobetzeko konpromisoak aukeratzea. Hausnarketan laguntzeko autodiagnostikorako tresna bat betetzera gonbidatuko dira familiak.

Etxez etxe ibiliko da Euskararen kriseilua azaroan hasi eta abendura arte. Aste betez izango dute familiek etxean, eta ondoren beste familia batek hartuko du lekukoa. Amaieran, denon parte hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko, eta egoerak uzten badu, familiak gonbidatuta ekitalditxo bat egingo da.

Euskaren Kriseiluan parte hartzeko, urriaren 22a baino lehen http://ordizia.kriseilua.eus/ webguneko galdetegia bete behar da.

Euskara doan ikasteko aukera Ordizian

Ordiziako Udaleko Euskara Sailak hainbat dirulaguntza bideratuko ditu aurten ere. “Euskararen erabilera eta jakintza sustatzea ezinbesteko dira guretzat. Horregatik, urtero egiten dugun moduan, dirulaguntzak bideratuko ditugu euskararen erabilera bultzatzera”, zehaztu du Maitane Alvarezek, euskara zinegotziak.

HABEk homologatutako edozein euskaltegitan matrikulatuz gero, herritarrek euskara doan ikasteko aukera izango dute Udalak ematen dituen dirulaguntzei esker. Hain zuzen ere, matrikularen % 100a itzuliko zaie ordiziarrei, zenbait baldintza (asistentzia ona…) betetzen badituzte. Urteko gehienez 500 euro izango dira, eta barnetegietarako, bestalde, 650 euro.
Ordizian erroldatuta ez daudenek ere, matrikularen %85a jasotzeko aukera izango dute ikasturte amaieran, baldin eta Ordiziako Udalarekin hitzarmena sinatuta duten Ordiziako enpresetako, dendetako eta tabernetako langileak eta kirol elkarteetako entrenatzaileak badira.

Dirulaguntza hauek ikasturtea edo dagokion ikastaroa amaitu ondorengo bi asteetan eskatu behar dira.

Euskaltegiako matrikula, 24ra arte zabalik

“Ordiziako AEK Euskaltegiko 2021/22 ikasturteko matrikulazioa zabalik dago irailaren 24ra arte”, adierazi du Irati Aldazek, euskaltegiko koordinatzaileak. Maila guztiak eskaintzen dira modalitate eta ordutegi aukera zabalarekin: A1,A2,B1,B2,C1 eta C2 mailetako ikastaroak egin daitezke aurrez aurre, autoikaskuntza edo online.

Aurrez aurreko klaseetan klase arruntak daude, baina xede bereziko taldeak ere bai: jubilatu taldea, atzerritarrentzako harrera ikastaroa, gazte taldea eta guraso taldea, esaterako. Xede bereziko talde hauen matrikularen kostua Udalak bere gain hartzen du ikasturte hasieran (guraso taldearen kasuan, matrikularen %85a).

Beraz, lehen aipatu bezala, Ordiziako Udalak %80ko asistentzia izanez gero, matrikula kostuaren %100 itzultzen du ikasturte amaieran; hau da, euskara ikastaroa doan aterako litzateke. Autoikaskuntza eta online bidezko ikastaroak ere diruz lagunduta daude.  Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi izanez gero pasa euskaltegitik: 10:00-13:00/ 17:00-19:00 bitarte edo deitu 943 88 91 74 telefono zenbakira.

Euskara ikasteko dirulaguntzak emango ditu Udalak

Ordiziako Udaleko euskaa sailak hainbat dirulaguntza bideratuko ditu aurten ere. “Dirulaguntza hauen helburua da euskararen erabilera bultzatzea esparru desberdinetan (aisia, kirola, lan arloa…) eta euskararen ezagutza eta hobekuntza sustatzea”, zehaztu du Maitane Alvarez, euskara zinegotziak. Hemen duzue diru laguntzen inguruko eskuorria

Hala, halakoak dira dirulaguntza motak:

Euskara ikasteko. (eskaerak uztailaren 7ra bitartean egin behar dira, herritarren Arretarako bulegoan; 09:00-13:00)

-Matrikularen % 100 ordiziarrei, zenbait baldintza (asistentzia ona…) betetzen badituzte. Urteko gehienez 500 € eta barnetegietarako 650 €.
-Matrikularen % 85 Ordiziako Udalarekin hitzarmena sinatuta duten Ordiziako enpresetako, dendetako eta tabernetako langileei eta kirol elkarteetako entrenatzaileei (Ordizian erroldatuta ez daudenei). Noiz eskatu: ikasturtea edo dagokion ikastaroa amaitu ondorengo bi asteetan.

Oharra: Euskaltegietako matrikula ordaintzeko edo aurreratzeko zailtasunak dituztenen kasuan Udalak berak ordainduko ditu ikasturte hasieran (oinarrietan finkatutakoaren araberako prozedura jarraituta).

Aisialdiko begirale eta zuzendari ikastaroa euskaraz egiteko eta kirol arloan prestakuntza euskaraz egiteko

-Matrikularen % 30, gehienez 150 euro.

Kirol elkarteei laguntza formazioa euskaraz emateagatik

- Prestakuntza-saioen % 50, gehienez 750 euro.

Udako euskarzko ikastaroetarako

-Diruz lagundutako ikastaroak: Udako Euskal Unibertsitateak (UEUk), EHU-UPVk (euskaraz) eta Hik Hasik antolatzen dituenak.
-Matrikularen % 50, gehienez 250 euro.

Webguneak, errotuluak eta irudi korporatiboa euskaraz jartzeko
-Norentzako: udalerriko merkatarientzako, enpresentzako eta elkarteentzako.
-Webguneak euskaraz jartzeko laguntzak:

-Euskara hutsezko webguneen gastuaren % 50, gehienez 500 euro.
-Ele bitan dauden eta beti euskaraz irekitzen diren webguneen gastuaren kostuaren % 50 ordainduko du Udalak 350 euroko mugaraino.

Bestalde, errotuluak, irudi korporatiboko elementuak eta abar euskaraz jartzeko dirulaguntzak ere badaude. Informazio gehiago: www.ordizia.eus/dirulaguntzak webgunean edo 943805622 telefono zenbakira deituta.


 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image