Euskaraz gozatzea eta haurren arteko harremanak euskaraz izatea da helburua

Ordiziako Udaleko Euskara Sailak udako UDALEKU IREKIAK antolatu ditu hirugarren urtez. HH4tik LH5era bitarteko haurrei zuzenduriko udaleku hauek udan  aisialdian euskaraz gozatzea eta herriko haurren arteko harremanak euskaraz izatea dute helburu eta horiek lortze aldera makina bat jolas, tailer, ekintza…antolatuko ditu udalekuak dinamizatuko dituen Hitzaro euskara elkarteak.

Lau aste iraungo dute, ekainaren 25etik uztailaren 20ra, eta goizez burutuko dira (10:00-12:30) Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko  zaintza eta jangela zerbitzuekin koordinatuta.

Aurretiko izen-ematea epea maiatzaren 11ra arte egongo da zabalik eta izena emateko fitxak dagoeneko herriko ikastetxeetan banatuta daude. Plazak mugatuta daude, 108 haurrentzako tokia dago eta matrikularen kostua honakoa da: arrunta 85€; anai-arreba gehiago matrikulatuta 75€ bigarrenetik aurrera, DBE laguntza jasotzen duten familiak 18€.

Aurretiko izen-emate fitxa behar bezala osatuta ikastetxean bertan edo Ordiziako Udaleko Gazteria bulegoan aurkeztu beharko dira. Maiatzaren 14tik 18rako astean onartuen zerrenda argitaratuko da ikastetxeetan eta Gazte bulegoan. Onartuei posta elektroniko bat bidaliko zaie ingresoa egiteko kontu korrontearekin.

INFORMAZIO GEHIAGO:  943 805 622 / 943 805 634