Ordizian 2009ean %8,28ek egin zuten eta iaz %18,54ak

Ordizia, Lazkao eta Beasaingo Udalek EGIZU EUSKARAZ! kanpaina jarri dute martxan beste behin. 2009az geroztik urtero egiten da kanpaina, euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburuarekin. Hiru herrietako udal ordezkariek aurkeztu dute kanpaina, Beasaingo Leire Artolak, Lazkaoko Jabi Arrasatek eta Ordiziako Josi Iturriozek, hain zuzen.

Kanpainan, esku-orriak banatu dira etxez etxe eta herriko toki jakin batzuetan ere utziko dira, edonoren eskura. Horrekin batera, Udaleko Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira, eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete.

Kanpainaren helburua

Helburua da hastear den errentaren aitorpenaren kanpainan, iaz baino herritar gehiagok egitea deklarazioa euskaraz. Honakoak dira euskaraz egindako aitorpenen portzentajeak urtez urte, hiru herrietan:

Urtea     Beasain     Ordizia     Lazkao
2009      8,37            8,29         15,52
2010      9,77            11,79       16,55
2011      11,42          13,49       19,24
2012      13,50         14,89        22,15
2013      14,44         16,73        23,76
2014      15,60         17,10        25,61
2015      17,49         18,19        27,01
2016      17,87         18,54        27,88

Errenta aitorpena hastear

2017 urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 23an hasi eta ekainaren 30ean amaituko da, baina apirilaren 16tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onartu daitezke. Errenta aitorpen mekanizatua edo internet bidezkoa egin nahi bada, apirilaren 23tik aurrera egin ahal izango duzu.

Hiru bide daude aitorpena egiteko:

  • Autolikidazio proposamena
  • Mekanizatua
  • Internet bidezkoa

Aukeratutako bidea edozein dela ere, ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko, eta euskaraz egin nahi duenak esan besterik ez du egin behar. Nola?

  • Autolikidazio proposamena: Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dira, eta, onartzeko garaian, euskaraz nahi dela esatea baino ez dago. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dute, eta aurrerantzean ere hala egingo dute.
  • Mekanizatua: Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan, esan Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi direla. Horrez gain, aitorpena egitera joatean, eskatu agiria euskaraz.
  • Internet bidezkoa: Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu.

Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi bada behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, herritar bakoitzak hizkuntza hautatzeko aukeraz baliatzea.