Igandean jasoko dituzte euren sariak Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketako sarituek

Aurten ere, aurreko urteetako bideari jarraiki, Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa ospatu berri da. Aurtengoak hogeita seigarren edizioa bete du eta jakin Argi Berri Elkarteak (Goierriko Bertso Eskola) antolatu duela Ordiziako Udalarekin batera. Behin lanak jaso eta gero, epaimahaikoaren eskuetan utzi berauek (Manu Olano, Nikolas Zeberio eta Izar Sarriegi) eta hauen erabakiaren ondoren honela banatuko dira sariak maila desberdinetan:

+ GAZTETXOETAN (13 urte artekoak): 3 lan guztira 1. Ataungo NIKOLAS CONTRERAS 2. Azkoitiko NAIA ARRIZABALAGA 3. Ordiziako MADDI DIAZ. Maila honetan gaia denentzat berbera izan da: “herriko alkate banintz”.

+ GAZTEETAN (14-18 urte bitartekoak): 5 lan guztira 1. Zarauzko ANER PERITZ “libre izan hadi behintzat” lanagatik 2. Altsasuko IDOIA GRANIZO “90-60-90” lanagatik 3. Ordiziako IRAITZ SARASOLA “motxila ikusezina” lanagatik

+ HELDUETAN (18 urtetik gorakoak): 17 lan guztira 1. Beasaingo EKAITZ GOIKOETXEA “ispilutxo, ispilutxo” lanagatik 2. Oreretako AITOR ALBISTUR “Abdul Halim” lanagatik 3. Azpeitiko JON GURRUTXAGA “han daude josirik” lanagatik

Azken bi mailok gaia librea zuten.

Sari banaketa, Ordiziako euskal festak direla eta, igandean, irailaren 10ean izango da, eguerdiko 12etan Ordiziako Barrena Kultur Etxean. Sarituek, sariak jaso ahala euren bertsoak kantatuko dituzte. Sariak banatze-lanak Ordiziako Udaleko alkateak, Jose Miguel Santamaria, Argi Berri Elkarteko presidenteak, Patxi Calvillo, eta Joxe Miel Iztueta “Lazkao Txiki” zenaren ilobek, Martina eta Mari Jose, egingo dituzte. Era berean, aipatu, ohiko dirusariez gain (200, 100 eta 50na euro gaztetxoek, 300, 200 eta 100na euro gazteek eta 500, 400 eta 300na euro helduek) “Txikia” oroigarri bana ere jasoko dutela maila bakoitzean irabazle suertatu direnek. 

*Argazkian, sarituak, antolatzaileak eta Udal ordezkariak igandean sariak eman eta gero.