Sei urteotan euskararen erabilerak %38,6tik %43,7ra egin du gora kaleko elkarrizketetan

Soziolinguistika Klusterrak Ordiziako Udalaren laguntzarekin Ordiziako kaleetan apirilean jaso zituen euskararen erabileraren inguruko datuak aurkeztu ditu. Duela 6 urte, Ordizian neurtutako  elkarrizketen %38,6 izan ziren euskaraz. Gaur egun, 2017an egindako neurketen arabera, elkarrizketen  %43,7a da euskaraz Ordiziako kaleetan. Gaztelaniaren erabilera %51,5ekoa da eta beste hizkuntzen erabilera %4,9koa da. Euskararen kasuan, sei urtetan bost puntuko igoera izan du.  Ordiziarren %57,2a euskal hiztuna dela, %20,9a euskal hiztun izan gabe ulermen-maila bat duela eta  %21,9 erdalduna dela  kontuan izanda (EUSTAT, 2011), oso datu ona da, estatistikoki espero zitekeena baino altuagoa baita.

Haurrek hitz egiten dute gehien euskaraz

Haurrak (2-14 urte bitartekoak) dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%70,3). Jarraian, gazteak (15-24 urte bitartekoak) izan dira euskaraz gehien entzun ditugunak (%46,4). Helduek (25-64 urte bitartekoak) %33,3an erabiltzen dute euskara. Azkenik, adinekoak (64 urtetik gorakoak) dira euskaraz gutxien entzun ditugunak (%18,2).

Baina zein izan da azken 6 urteetako bilakaera? Adin-talde gehienetan euskararen erabilerak gora egin du. Haurren kasuan izan da gorakadarik nabarmenena, 13 puntukoa hain zuzen ere (%57,0tik %70,3ra); baina gazteen eta helduen kasuan ere zertxobait gora egin du: bi eta hiru puntuko gorakadak hurrenez hurren (gazteenak %44,1etik %46,4ra; eta helduenak %30,1etik %33,3ra). Adinekoen kasuan, ordea, azken sei urtetan euskararen erabilera sei puntu eta erdi jaitsi da (%24,8tik %18,2ra).

Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago euskaraz

Emakumezkoek (%45,6) gizonezkoek (%41,8) baino euskara gehiago erabiltzen dute. Hala eta guztiz ere aldea ez da oso adierazgarria. Ordizian urtez urte emakumezkoen euskararen erabilera gizonezkoena baino altuagoa izan da. 2011n sei puntuko aldea zegoen bi sexuen arteko euskararen erabileran eta 2017an, berriz, murriztu egin da alde hori.

Haurrak tartean direla, euskaraz gehiago entzuten ote da?

Datuek baiezkoa erakusten dute. Haurrak bakarrik (nagusirik gabe) daudenean %76,8 da euskarazko erabilera. Nagusiek, euren artean (haurrik gabe) ari direnean, %26,7an darabilte euskara. Haurrek eta helduek osatutako taldeetan, berriz, %60,9ra igotzen da erabilera.

ORDIZIARREI ETA ORDIZIAKO ERAGILE GUZTIEI ZORIONAK!

Aurkezpenean azaldutako datu hauek guztiek erakutsi dute euskaraz dakiten ordiziarrek euskararekiko leialtasuna dutela, dakitenek orokorrean erabiltzeko joera dutela. Beste alde batetik,  erabileraren bilakaera positibo hori udalerriko eragile desberdinen eta norbanakoen lanaren emaitza da. Hori dela eta erabilerak gora egin dezan lanean jarraitu behar dugun arren, ZORIONAK!

*Argazkian, aurkezpebeko une bat.

Ondoko dokumentuan dago neurketari dagokion txosten osoa:

Kale-neurketa2017-OrdiziaTXOSTENA (pdf)