Hainbat datu emango dituzte ezagutzera Soziolinguistika Klusterrak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak astelehenean 19:00etan Barrenan

Soziolinguistika Klusterrak 2017ko martxoan zehar hainbat egunetan euskararen erabilera datuak jaso zituen Ordiziako kaleetan zehar. Kale-neurketa hauetan erabiltzen den teknika behaketa zuzena da; hau da, ezertxo ere galdetu gabe, neurtzaileek herriko kaleetan zehar topatzen duten jendeak darabilen hizkuntza jasotzen da. Hori dela eta, neurketetan aritu direnek, ordiziarrek hitz egitean duten joera naturala jaso dute. 

Ekainaren 19an 19:00etan Barrenako Areto Nagusian izango den aurkezpen-bileran, lan honek eman dituen emaitzak aurkeztuko ditu Soziolinguistika Klusterreko kide den Belen Urangak: euskararen erabilerak izan duen bilakaera Ordizian azkeneko urteotan, beste hizkuntzen presentzia zein den, sexuen arabera euskara zenbat hitz egiten den, adin-tarte desberdinetan (haur, gazte, heldu eta adineko) zenbat hitz egiten den, Ordiziako zonalde bakoitzean euskaraz zenbat hitz egiten den…

Herritarrak eta eragileak gonbidatuta

Kale Neurketen emaitzak beharrezkoak dira euskararen sustapenean lehentasunak ezartzeko. Guztiok euskararen sustatzaile izanik, Ordiziako Udalak herritar guztiei egin nahi die aurkezpen-bilerara etortzeko gonbidapena, datuak ezagututa, ondorioez edo interpretazioez elkarrekin hitz egiteko.