Lehen fasearen ondoren Ordiziaren etorkizunari forma emateko herritarren parte-hartzera deitu da

Ordiziako Udalak Elika, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioarekin elkarlanean OrdiziaLab proiektua jarri du martxan. Jose Miguel Santamaria alkateak, Josi Iturrioz Garapen Ekonomikorako zinegotziak, Leire Arandia D’elikatuzeko arduradunak eta Aitor Velazquez merkataritzako teknikariak ezagutzera eman dute, ordiziarren ekarpenak jasotzeko zabaltzen den prozesuarekin batera. Ekimena Ordiziaren 750.urteurrenaren baitan sortu da, abian den KulturLab bezala.

OrdiziaLab Azoka berpizteko helburuarekin jaio da. Honela Azokak, Ordiziako bihotz eta hiri ekonomiaren eta honen merkataritza erdigunearen errekuperaziorako motor gisa funtzionatuko du; espazio komertziala, bizitzeko, erosketak egiteko eta gozatzeko lekua bihurtuz.

Hala, irailaren bukaeran Azokaren Batzordean eta ordezkari politiko, merkatari, baserritar eta azokari lotutako eragileen artean egitasmoa aurkeztu zen. Jarraian hainbat elkarrizketa egin dira, proiektua zehaztu eta lan taldeak identifikatzeko. Lehen fase honetan azoka bera aztertu da, bere nortasuna, irudi kontzeptuala, egitura fisikoa eta antolakuntza, erosketa ohiturak eta kontsumoko erak. Bestalde, Ordiziako egitura komertziala eta ostalaritza, ekonomia eta herritarrak aztertu dira.

Proiektu mankomuna eta herritarren parte-hartzea

‘Orain pauso bat haratago emango da eta datozen asteetan zehar baserritarrekin, merkatariekin, ostalaritza establezimenduekin, industria ehunarekin, bizilagunekin eta kontsumitzaileekin, orokorrean, hausnartuko dugu; eragile desberdinen ikuspegiak barneratzeko, proiektu bateratu eta ekintza plan partekatu batean’, esan du alkateak. Helburua da Ordiziako azoka eta merkataritza enpresak indartzeko eskema denen artean eraikitzea.

Honetarako, eztabaida eta hausnarketa foroen aurretik eta herritarrak inplikatzeko, hauen parte-hartzearen txanda izango da. Alde batetik, ekoizleak, baserritarrak, ikastetxeak, elkarte eta industria sareak, merkatariak, ostalariak eta zeresanik dutenei deitzen zaie euren ekarpena eskaini dezaten.   Era desberdinak daude horretarako: www.ordizia.eusatarian zabalduko den gunearen bidez, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.helbide elektronikora mezua bidalita edo paperean idatzi eta D’elikatuzen edota Merkataritza eta Ordizian elkarteko bulegoan jarriko diren kutxetan utzita. Informazio zuzena izateko eta parte-hartzea errazteko, liburuxka bat eta iruzkinak idazteko orria bidaliko da postontzietara. Jasotako iritzi eta ideiak errespetuzko tratamendu erreserbatua izango dute, proiektuaren helburuekin bat datorren sekretu estatistiko egokiarekin batera.

Hurrengo urratsean foroak jarriko dira lanean, hasieran sektoreka eta elkartuta gero, Ordiziako azokari eta ekonomiari buruz eztabaidatzeko, elkarlanean helburu baten inguruan lan egiteko, Ordiziaren nortasunarentzat garrantzitsua.

Hiri-espazioaren eta balioen berreskuratzea

OrdiziaLaben helburua da hiri espazioaren berreskuratzea bultzatzea, herritarren eta merkataritzaren jarduerarako, azoka abiapuntu hartuta, kohesio eta nortasun elementu nagusia delako. Azokaren, merkataritzaren eta espazioen modernizazioa eta hobekuntza aurkitu nahi ditu, herriko nortasunaren eta memoriaren balioetatik, jasangarritasuna, gertutasuna, kalitatea eta lurraldearekiko konpromisoa bultzatuz.

Era berean, Ordiziako ekonomiaren eragileak bateratu nahi ditu, hiri-ikuspegi berdinaren inguruan; Ordiziaren eta azokaren bueltan elkarlanean jarriz baserritarrak, azokako saltzaileak, merkatariak, ostalariak, Ordiziako herritarrak eta kontsumitzaileak orokorrean Udalarekin eta gainontzeko erakundeak.

Alkateak, Iturriozek, Arandiak eta Velazquezek euren ilusio agertu dute Ordiziaren etorkizunerako proiektu honengatik. Ordiziaren nortasuna bere azokan eta merkataritzan duela oinarria gogoratu du Santamariak. ‘Hau horrela da azken 500 urteotan eta uste dugu gure zeregina dela hori horrela mantendu, indartu eta etorkizuneko ordiziarrei helaraztea. Ordiziar guztion betebeharra da. Gainera, jasangarritasuna, gertutasuna, kalitatea eta lurraldearekiko konpromisoa, gaur egun indarrean dauden balioak ditu’, azpimarratu du alkateak, Elikaren inplikazioa eskertu eta eraldaketa eskaini nahi duen proiektu honetan parte-hartzera animatuz.