Lokala estreinatu du sektorea bultzatu eta merkatari, ostalari, bezero eta herritarrekin komunikazioa hobetzeko

ORDIZIAN Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu enpresen elkarteak, Ordiziako Udalarekin elkarlanean, Santa Maria kalea 21ean kokatutako bere bulego berria aurkeztu du. Pauso hau, herriko merkataritza sektoreari eta ORDIZIAN elkarteari bereziki protagonismoa emateko baliagarria izango da, merkatari, bezero eta herritarrei orokorrean gertuagoko zerbitzu zuzenago bat emateko.

ORDIZIAN elkartearentzat merkataritza bulego berria izatera pasako da Santa Maria 21eko lokal komertziala, azken etapa honetan D´elikatuz zentroko bigarren solairuan kokatuta egon den bulegoa.

Bulego honetatik emango zaie arreta kanpaina, zozketa baita herriko merkataritza sektorearekin zerikusia duten eta merkatari, herritar edo bezeroak egin ditzaketen kontsulta desberdinei. Aldi berean eta erakusleihoen bitartez, ORDIZIAN elkarteak antolatzen dituen kanpaina eta dinamizazio ekintzen komunikazioa indartuko da, elkarteak gaur egun 90 bazkide inguru dituela azpimarratuz.

ORDIZIAN elkarteko bulego berriak beste aukera batzuk ere eskainiko ditu: bileretarako gunea, merkatarientzat ikastaro-tailerrak, bezeroentzat kontsigna zerbitzua, Ordizian Visa txartela eskaeraren tramitazioa, etab.

 

Ekintza planeko parte

Merkataritza elkartearen eta Udalaren arteko elkarlanetik jaio den proiektu hau, Ordiziako merkataritza sustatzeko ekintzen kronograman jasota dago eta honetan beharrezkoak izango diren baliabideak erdibana hartuko dituzte bere gain bi aldeek. Zalantzarik ez dago herrian erreferente den sektore honen alde apustua garbia egiten dela, aukera zabala eta kalitatezkoa mantentzearren denon babesa eta elkarlana behar duen sektorea.

ORDIZIAN Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu enpresen elkartearen bitartez herriko merkataritza sektoreak Ordiziako eta eskualdeko herritarrei eman nahi dien harrera, tratu ona eta zerbitzuaren adierazgarri izan nahi du lokal hau.

Ekimen honen bitartez, denok gertuko merkataritza bat izatearen garrantzia ikusgai izan eta barneratzeko itxaropena dute ORDIZIAN elkarteak eta Ordiziako Udalak eta honen alde pauso sendo bat emateko deialdia egiten die herritar guztiei.

Bulegoa ostegun honetan zabalduko da eta ordutegia honakoa izango da:  7:30tatik  14:45tara astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan eta  7:30tatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara asteazkenetan.

*Argazkian, Santamaria alkateak, Iturrioz zinegotzia eta merkataritzako eta ostalaritzako teknikaria eta Ordizianeko juntako hainbat kide