Lokal hutsak merkaturatzea eta ekintzaileei laguntzea du helburu

Ordiziako Udalak ekintzaile berriei eta negozio berritzaileei zuzendutako 'Ordizia Zabalik' izeneko diru-laguntza programa abiatu du aurten ere eta 2017ko apirilaren amaiera arte eskaera egiteko epea irekita egongo da. Programa honen helburua hutsik dauden lokal komertzialak ekintzaile berrien bitartez berreskuratzea eta belaunaldi aldaketari erantzuna ematea da. Hau, laugarren deialdia da eta dagoeneko hamabost dira programa honen bitartez laguntza jasotzen dutenak. MBPB Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziak aurreikusten zuen eginbeharretako bat zen Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzea lokal hutsei erabilpen berriak emanez. Hau guztiaren berri eman dute Jose Miguel Santamaria alkateak, Jose Ignacio Iturrikoz zinegotziak eta Aitor Velazquez, merkataritzako teknikariak.

“Ordizia Zabalik”, hiru norabidetan landutako proiektua da. Alde batetik, negozio berriak edo balio erantsi bat eman dezaketen horiek erakartzeko helburuarekin. Bestetik, herriko gune desberdinetan dauden merkataritza beharrak asetzeko, hauek biziberrituz. Eta azkenekoz, belaunaldi aldaketari erantzuna emateko asmoz. Ulertzen da ere, honen bitartez lanpostu berriak sortuko direla eta lokal hutsak alokairuan jarri eta hauek berreskuratzeko baliagarria izango dela.

 

Laguntzak eta betebeharrak

Aurtengo ‘Ordizia Zabalik’ diru-laguntza programak izango duen aurrekontua hamar bat ekintzaileei babesa emateko baliagarria izango dela aurreikusten da eta diru hori negozio berri bat ireki nahi duen ekintzaileari alokairua ordaintzen laguntzeko erabiliko da. Laguntza hau aldatu egin da deialdi honetarako eta oraingoan bi urtez jaso ahal izango da gehienez: lehen urtean alokairuaren %40 ordainduko du udalak (gehienera 400 euro hilean) eta bigarrenean %30a (gehienera 300 euro hilean).

Ordiziako lokal hutsetan jarduera ekonomiko bat martxan jarri nahi duen edozein pertsona fisiko edo juridikoari zuzenduta dago diru-laguntza programa hau, pertsona horren bizilekua edozein dela ere.

Sektore edo jardunbide hauetakorekin batekin lotura duten jarduerak ezarri ahal izango dira hutsik dauden lokal komertzial horietan:

  • Txikizkako merkataritza.
  • Pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak.
  • Balio erantsia eta kalitatea ematen duten ostalaritza ekimenak.
  • Interesa izan eta lokal komertzial huts batetan kokaturik merkataritza aldetik inguru hori suspertzen laguntzeko koherentea izango den beste edozein.

Lokal huts bat berreskuratu nahi duten ekintzaileek, berriz, honako baldintzak bete beharko dituzte:

  • Negozio bideragarri baten proiektua izatea.
  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.
  • Lokal komertzial hutsaren jabeak programa honetan parte hartzeko eskaera-inprimakia betea izatea.
  • Sustatzailearen curriculuma eta GOIEKI eskualdeko garapen agentziaren bitartez landutako jarduera memoria-proiektua aurkeztea.

 

Izena emateko bideak

Programa honetan parte hartu nahi duten ekintzaile berriek edo hutsik dauden lokal komertzialen jabeek, lehen urrats modura, inprimaki bat bete behar dute udaleko arreta bulegoan edota merkataritza bulegoan. Bai eskaera-orriak zein programaren oinarri arautzaileak Ordiziako Udalaren webgunean (www.ordizia.eus), Herritarren Arretarako Udal Bulegoan eta Merkataritza bulegoan eskura daitezke. Oinarri horietan azaltzen den epaimahaia izango da proiektuei oniritzia emateko eskumena izango duena.

 

Informazio gehiago lortzeko bideak:

-Ordiziako Udalaren webgunea: www.ordizia.eus

-Ordiziako Udaleko Arreta Bulegoa: 943 88 58 50 / 943 80 56 11

-Merkataritza bulegoa: e-posta: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.. Telefonoa:943 16 06 73

Oinarriak ikusteko, klikatu ondoko loturan:

Ordizia Zabalik 2017 Oinarri arautzaileak