Txu-txu trenak ere bat egingo du

Datorren asteazkenean, abenduaren 28an, Eguberrietako aparteko azoka izango da Ordizian. Hau da, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena; azoka berezi hau bikaina eta salerosketan mugimendu dezentekoa izango delakoan gaude, mahaiaren inguruan ospatzen ditugun jaietarako despentsa bete ahal izateko.

Bertako produktuak atsegin dituztenentzat, Ordizia osoa bihurtuko da orain ere azokaleku, erosle eta saltzaileen arteko elkargune. Hori guztia dela eta, Ordiziako Udalak, beste hainbat erakundeekin elkarlanean, erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari prestatu ditu goiz ederra igaro ahal izateko, eta jai giroan murgiltzeko. Jai giroari dagokionez, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kalerik kale, txoko guztiak animatzeko.

Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kapoi, antzar eta indioilar erakusketa izango da. Eta horien ondoan ez da faltako pottoka eta txahalik.

Plaza Nagusian asteroko azoka izango da. Garagartza Plazan berriz, Euskal Herriko errege-sagar lehiaketa-erakusketa izango da; baita bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren lehiaketa-erakusketa ere. Gargartza Plazan ere txerri erakusketa izango da, Bidaniako Pedro Urdapilletak ekarritako euskal txerriekin..

Ordiziako aparteko azoka zabal horretan eskuz landutako produktuek ere, bere lekua izango dute Garagartza Plazan eta ingurumarian: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak,... Hori horrela, azoka osatuagoa izango dugu gabon jai hauei begira: Plaza Nagusian baserritarrek produkturik onenak eskainiko dituzte eta Garagartza Plazan eta beste kaleetan eskuz landutako gainerako produktuak.

Honetaz gain, joan den urtean bezela eta aparteko azoka honen babesean, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, Ordiziako Udala eta Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin elkarlanean, ohore handiz, 2016 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia antolatu du. Saritutako gure gaztagileak Ordizian izango dira datorren asteazkenean, Udaletxe azpiko arkupean goizeko 11.00tan ospatuko den ekitaldian. Aurtengoan gainera, Plaza Nagusian Ordiziako Oiangu Baserria jatetxeko sukaldariak izango ditugu “Ordiziako Azoka” pintxo menua Idiazabal eran prestatzen inguratzen direnei banatzeko eta Zeraingo Oiharte Sagardotegiko “Ama” sagardo apardunarekin lagunduta dastatu ahal izango dira pintxo hauek.

TXU-TXU TREN TURISTIKOA

Eguberritako kanpainaren barruan abenduaren 28, 29 eta 30ean Ordiziako kaleetan txu-txu tren turistikoa ibiliko da. Dudarik gabe txikientzat aukera erakargarria baita heldu eta famili guztientzat ere.

Txu-txu tren turistikoak 72 lagunentzat edukia du eta abenduaren 28ko goizaren zehar eta eguberritako azoka bereziarentzat zerbitzua emanez, auzo eta aparkaleku guneetatik joan etorri zerbitzua emango du.

Abenduaren 28ko arratsaldea eta 29 baita 30ean beste ibilbide batzuk eskainiko ditu, hauen barne Ordiziatik ibilbide turistikoa eskainiko delarik gia zerbitzua barne Ordiziako D´elikatuz zentroaren eskutik (Turismo bulegoa).

Trenaren ordutegia goizeko 10:30tik 13:30ra eta 16:30tik 20:00ra izango da eta ibilbide turistikoaren ordutegia 12:00ak eta 17:00ak, kasu honetan Plaza Nagusia, Udaletxea, Fray Andres, Barrena Jauregia, Zabale Baserria, Andre Maria jasokundearen eliza, Zabala Jauregia eta D´elikatuz zentro izango delarik ibilbidea, guzti hauen inguruan dagokion informazioa jasoz D´elikatuz zentroko pertsona baten laguntzari esker.

“ORDIZIAKO TRENERA IGO ZAITEZ” KANPAINA

Turismo eta merkataritzako elkarlanetik datorren aukera hau eta Trena Ordiziara datorrela ikusirik, D´elikatuz zentroan baita Txu-txu trenean ere Ordiziako informazioa duen diptiko bat jasotzeko aukera izango dute bisitariek. Diptiko honetan Ordiziak eskualdeko eta kostaldeko beste herriengan duen gertutasuna azaldu nahi da, Ordizia bisitatu eta bertako aisia, turismoa eta erosketa aukera gozatzera gonbidatuz. Batez ere, asteazkenero ospatzen den azokara, ospatzen diren azoka berezietara eta kasu honetan Eguberritako kanpainara gonbidatuz.

Diptikoa jasotzen duten bisitari edo herritarrek, Ordiziako saltokietan erosketa bat egin eta diptikoan honetara zuzendua dagoen tartean zigilua jarriz, beraien datuekin D´elikatuz zentroan diptikoa aurkeztu eta Goierriko produktuen sorta baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

Jai goiza osatzeko eta giroa alaitzeko, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira Ordiziako kaleetan.

Zalantzarik gabe, goiz eder eta atsegina pasatzeko aukera bikaina izango du Eguberrietako azoka berezi honetara, asteazkenean, hilak 28, Ordiziara etortzen denak.

Era horretan, Gipuzkoako abenduko azoka egutegia osaturik geldituko da: Zumarraga-Urretxuko Santa Luziarekin hasi, Tolosakoarekin jarraitu, Donostiako, zein Arrasateko

Santo Tomas azoken ondoren Ordiziako Eguberrietako azoka berezia eta Elgoibarko Gabon zaharretako azoka bereziarekin urtea amaitzeko.