‘ORDIZIA ZABALIK’, EKINTZAILE ETA NEGOZIO BERRITZAILEEI LAGUNTZEKO

Udalak merkataritza berpizteko 28.800 euro ditu 2015erako                 

'Ordiziako Zabalik’ programako laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Udalak. Pertsona ekintzaile eta jarduera berritzaileei zuzenduta dago, lokal komertzial hutsak bete eta merkataritza txikietan belaunaldi erreleboari erantzuna emateko helburuekin. Udalak 28.800 euroko diru kopurua du ekimen honetarako. Bigarren aldiz egin da deialdia eta honi lotuta bederatzi dira funtzionamenduan dauden negozioak. Programa, Ordiziako Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezian jasota dago.

‘Ordizia Zabalik’ek hiru noranzko ditu. Batetik, udalerrian ez dauden negozio berritzaileak erakarri nahi dira. Bigarrenik, Ordiziako auzoak berpiztu nahi dira falta diren eta beharrezkoak izan daitezkeen komertzioak zabalduz. Azkenik, merkataritza txiki askok jarraipena izateko belaunaldi erreleborako duen arazoari konponbidea eskaini nahi zaio. Jakina, lanpostu berriak sortzeko aukera dago eta hutsik dauden lokalek irtenbidea izan dezakete.

Laguntzak eta baldintzak

Kasu honetan, 2015eko laguntzarako aurrekontua 28.800 eurokoa da. Ekintzaileei lokalaren alokairua ordaintzen laguntzeko da. Hiru urtez luzatuko da laguntza: lehenengoan kostuaren %75a emango da (300 euro hilean gehienez), bigarrenean %50 (200 euro hilean gehienez) eta hirugarrengoan %25a (hilean 100 euro baino gehiago ez).

Sektore edo jardun hauetakoren batekin lotura duten jarduerak ezarri ahal izango dira lokal horietan:

  • Txikizkako merkataritza
  • Elikagaien sektorea
  • Pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak
  • Intereseko izan eta merkataritza aldetik inguru hori suspertzen laguntzeko koherentea izango den beste edozein, betiere merkataritza-jarduera baldin badago.

Deialdia Ordizian hutsik dagoen lokal komertzial batean jarduera ekonomiko bat martxan jarri nahi duen pertsonei dago zuzendua. Ez du axola eskatzailea nongoa den.

Dagokion jarduera gauzatzeko lokala huts bat berreskuratzen duten ekintzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

-         Negozio bideragarri baten proiektua izatea.

-         Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.

-        Lokal komertzial hutsaren jabeak programa honetan parte hartzeko eskaera-inprimakia aurkeztuta izatea.

·         Honako dokumentu hauek atxikitzea: sustatzailearen curriculuma eta jardueraren memoria-proiektua (GOIEKI eskualdeko garapen agentziaren bitartez).

Izen emateak

Ekintzaileek eta lokala izan eta programaren eskura jarri nahi dutenek, eskaera egin behar dute. Horretarako Udal Arreta bulegoan edota Merkataritza bulegoan dagoen eskaera-inprimakia bete eta aurkeztu behar da. Inprimakia www.ordizia.eusudal web atarian ere badago. Laguntzak emateko erabakia horretarako izendatutako epaimahaiak hartuko du, oinarrietan zehaztuta dagoen modura.

Informazio gehiago

-Udal web honetan: www.ordizia.eus, ‘diru-laguntzak’ atalean

-Udal Arreta bulegoan; 943 88 58 50 / 943 80 56 11

-Merkataritza bulegoan: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.; 943 16 06 73 / 648 700 658