HIRUKI ARROSA UDALETXEKO BALKOIAN

Ekainaren 28ko LGTBI+ kolektiboaren eguneko aldarrikapenen sinboloa da

Ostegun honetan, ekainaren 28an, Gay, Lesbiana eta Transexualen Eskubideen nazioarteko eguna da. Honekin bat egingo du aurten ere Ordiziako Udalak udaletxeko balkoian Hiruki Arrosa jarrita. Udalbatzarrak ere landuko du gaia mozio eta adierazpen bidez.

Hiruki arrosa naziek erabili zuten homosexualak bereizteko konzentrazio eremuetan. Geroago, 1969ko ekainaren 27tik 28rako gauean, New Yorkeko polizia Stonewall izeneko pub batean sartu zen transexual,lesbiana, gay eta bisexualak atxilotzeko. Euren eskubideak defendatzeko elkartzen ziren lehen aldia ez bazen ere, data hori mugarri bihurtu zen diskriminazio- eta ikusezintasun-testuinguru batean: LGTBI+ pertsonek euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko antolatu zuten borrokan katalizatzaile bat izan zen.

Orduz geroztik ekainaren 28an LGTBI+ pertsonen Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatzen da: dibertsitatea eta egindako lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrerantz egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere.