Herritarren inplikazioa ezinbestekoa da

Ordiziako Udalak eraso sexistaren aurkako kanpaina abiatu du Santa Ana jaien testuinguruan, Berdintasun sailaren ekimenez.

Gauza jakina da halako oldarkeria edozein momentutan gerta daitekeela, baina datuek eta eskarmentuak agerian utzi dute jaietan areagotu egiten direla kasuak. Horren seinale, iaz Santa Ana jaietan gauzatutako erasoak eta, urrutiegi joan gabe, Iruñan, Irunen eta Ibarran azkenaldian gertatutakoak. Hori dela eta, kanpaina festen testuinguruan egitea erabaki da.

Kanpainarekin herritarrak eta herriko eragileak sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatu nahi dira. Asmoa bide horretan jarraitzea da, orain arte egindakoa aintzat hartuta. Zertarako? Pixkanaka, denen artean, halako oldarkeriarik gabeko herria eraikitzeko. Izan ere, indarkeria sexista arazo soziala da, eta feminismoa eta berdintasunarekin lotutako erakundeak bat datoz horri eman beharreko erantzunak ere horrelakoa behar duela izan: soziala.

Hori guztia dela eta, herritarrengan eta herriko eragileengan eraso sexisten aurkako jarrera aktiboa bultzatu nahi da, iritzi publikoan aldaketa eraldatzailea sustatzeko, eta ez soilik festetan, urte osoan barrena, baizik. Ildo horretatik, lan mardul baten abiapuntu jotzen du kanpaina Berdintasun Sailak. Erronka herritarrekin, gizarte eragileekin eta elkarteekin gogoeta prozesu sakon bat bultzatzea da, denen artean arazoari erantzun bateratua emateko.

Sexu-erasoen erregistroa

Ekimenaren harira hainbat ekintza bideratu dira jada. Batetik, protokolo bat osatu da, aurreko legealdian onartutako Goierriko protokoloarekin estu lotutakoa. Bertan kode penalak zigortutako indarkeria sexistako kasu guztiei eusteko prozedura bildu da, bai intentsitate handikoei (genero-indarkeria, bortxaketa eta sexu-gehiegikeria) eta bai intentsitate gutxiagokoei, baimenik gabeko ukimenak, intimidazioa eta jazarpen sexista, kasu. Azken kasu horiek, normalizatuta daude, eta askotan, ez dira indarkeria sexistatzat jotzen.

Gauzak horrela, intentsitate handikoez gain,  intentsitate gutxiagoko erasoak azaleratzea da asmoa. Horretarako, kasuen datu bilketa egin du dute DYAk eta Udaltzaingoak, eta erregistro bat osatuko da. Protokoloa herriko tabernetan, koadrilen artean eta jaietan nola edo hala parte hartzen duten elkarte eta eragileen artean banatu da jada. Era berean, duela pare bat aste, formazio saio bat egin zen tabernariekin eta txosnetako eta gaztetxeko ordezkariekin, eraso bat jazoz gero, kaltetuarekin eta erasotzailearekin nola jokatu zehazteko.

Prebentzioa eta sentsibilizazioa

Prebentzioari dagokionez, uztailaren 25ean eta 27an Emagin elkarteko informazio karpa jarriko da arboletan, 18.00etatik 21.00etara.  Bertan indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoak egongo dira: informazio panelak, esku-orriak, eta txapak egiteko makina, besteak beste. Helburua herritarrak oro har arazoaz kontzientziatu eta emakumeek festetan gaiarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea da. Baita azken horiek euren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea ere. Karpan Berdintasun Sailak kanpainaren harira plazaratutako materiala egongo da eskuragarri: dendetan eta tabernetan banatutako bi kartel, koadrilen artean banatuko diren pegatinak eta indarkeria kasu larri bat gertatuz gero, jo beharreko zerbitzuak biltzen dituen txartela. Material hauen guztien mezua argia da: 0 tolerantzia eraso sexisten aurrean.

Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi 2015-2016 ikasturtean barrena prebentzio mailan gauzatutako beste hainbat ekimen: neska gazteekin zein emakume migrariekin indarkeriari aurre egiteko gauzatutako ahalduntze ekimenak eta Hezkidetza programa. Azken horretan, Alotza haur eskola, Urdaneta ikastetxea, Jakintza Ikastola eta Oianguren Institutuak dihardute, eta bi dira ekimenaren helburu nagusiak: rol eta estereotipo sexistarik gabeko heziketa eskaintzea eta ikasleen artean tratu onak bultzatzea, indarkeriari aurrea hartzeko. Testuinguru horretan, Beldur Barik programako 320 gida banatu ziren ikastetxeetako DBH2, 3 eta 4ko ikasleen artean, ikasturtea amaitu aurretik.

Argazkian, Berdintasun arloko teknikariak.

JAIETAN ERASO MATXISTEI AURRE EGITEKO PROTOKOLOA (pdf)