OPOSIZIOA ORDIZIA ETA ORDIZIARREN ETORKIZUNA BALDINTZATZEN ARI DA

Oposizioaren blokeo jarrerak diru-laguntzak eta etorkizuneko erronkei erantzuteko beharrezko lan tresnak galtzea dakar

EAJ-PNV eta PSE udalgobernuak ondoko agerraldia egin du, azkeneko Osoko bilkuraren inguruan:

'Udal aurrekontuei dagokionez, azkeneko Osoko bilkuratik aurrekontuen inguruko erabaki positibo bakarra izan da San Bartolome auzoa hobetzeko iaz Udalak Foru Aldundiarekin adostutako proposamenari babesa ematea. Hasieratik mahai gainean egon den gai hau aurrera ateratzea lortu dugu, kostata, hori bai. 

Tamalgarria da, ordea, hau izatea berri pozgarri bakarra. Oposizioaren blokeo jarrerak, begi-bistan uzten baitu herritarrak eta hauen beharrak lehenetsi ordez, beren estrategia politikoa lehenesten dutela, ordiziarren etorkizuna baldintzatuz eta Ordiziarentzat aukerak eta denbora galaraziz. 

Aurrekontuetako bi  proiektu garrantzitsu  ditugu oraindik mahai gainean eta akordio bat lortzeko ahaleginak egin arren,  EH Bilduk eta Ordizia Orainek ezezkoan jarraitzen dute sistematikoki, horrek ordiziarrontzat dakartzan ondorioak kontutan hartu gabe.

Aparkaleku proiektua eta Plan Orokorra atzera bota dituzte

Alde batetik,  aparkalekua atzera bota dute, beharrik ikusten ez dutela aitzakia jarrita. Proiektu hau diru-laguntzen bidez %100ean finantzatzeko aukera galtzea dakar oposizioaren jarrera honek, bi milioi euroko aparkalekuarentzako diru-laguntza hain zuzen.

Bestetik, Ordiziaren garapenerako aparteko garrantzia duen  Plan Orokorra dugu. Ordiziako hirigintzaren antolaketa orokorra definitzen duen dokumentu oso garrantzitsua da,  etorkizunerantz pausoak emateko, horregatik, 2010ko bukaeran,  jarri genuen martxan honen berrikuntza, ERAJ-PNV, PSE eta EAk. Zoritxarrez, aurreko legealdian, EH Bilduren agindupean, 400.000 euro guztira legealdi osoan gastatu baziren ere, Planak ez zuen aurrepausorik eman. Dirua alferrik galdu zen. Plana aurrera ateratzeko gai izan ez zirenez, blokeo estrategia batean kokatu dira orain, beren lau urtetako ezintasuna ezkutatu nahian.

Dagoeneko, eta bi urteotan egin den lanaren ondoren aurrerapen dokumentua egin dugun arren, blokeo jarrerari eusten diote oposizioko alderdiek. Dirua eta denbora galduz. Egin beharrekoa atzeratzea baino helburu ez duen beren proposamena erabat inkoherentea da gainera. Izan ere, zerbitzuak munizipalizatzea beren ikur egiten duten alderdi hauek, Plan Orokorra enpresa bati esleitzea proposatzen dute, Udalean ditugun teknikariek duten jakituria eta dagoeneko egin duten lana gutxietsiz.

Aurrekontua onartu gabe dago

Eta Udalak aurrekonturik gabe jarraitzen du. Ez dago onartuta. Honek esan nahi du iazko diru-kopuruen mugan jarraitzen dugula, aldaketak egiteko ahalmenik gabe. Onartu direnak azken lau hilabetetan  hainbat inbertsio izan dira. Egindako proposamenak ez ziren hain txarrak izango, gehienak onartu izan badira, baino, lau Plenotan eraman behar izan ditugu, plenoz pleno batzuk onartuz.

Hala, Udal Gobernuak   egin zuen inbertsio proposamenetatik  bi geratu dira kanpoan: Plan Orokorra eta aparkalekua.

Politikan ez da dena zilegi. Interes politikoak herritarren  beharren aurretik jartzea ez da zilegi. Jarrera arduragabea da, udal gobernua kaltetzea helburuarekin, herria kaltetzea. Gure aldetik, lanean jarraituko dugu, herriarekin dugun konpromisoa betez eta, oztopoak oztopo, Ordiziarren onurarako izango diren akordioak lortzea bilatzen. Oposizioak jarrera aldatu eta herritarren interesak interes politikoen aurretik jartzen dituenean, hor aurkituko gaitu elkarlanean Ordizia aurrera ateratzeko prest.'

Argazkian, udal gobernuko hainbat kide.