Ibiltariak eta ibilbidean laguntzeko dei egiten da

Aste Santuko oporraldiaren ondoren ostegun honetatik martxan jarri behzar zen berriz Goazen Ordizia! ekimena. Baina euriak atzerarazi egin du eta hurrengo astean, apirilaren 19an hasiko da. Ibiltari eta laguntzaile gehiago izateko asmoarekin dator ikasturteko azken zati honetan. Izan ere, eguraldiak hobera eginda konpainia onean ibiltzera irteteko gogo gehiago izango da.

Informatzeko edota saioa probatzeko aipaturiko ostegunean 10:15ak aldera Udaletxeko arkupera hurbiltzeko eskatzen da. Mahai bat egongo da informatu ahal izateko. Lehendik ibiltzen direnak irteera 10:30ean abiatuko dela gogoratu behar dute, kartilan zigilua jarri eta taldeak egin ondoren.

Kanpaina bultzatzeko Ordiziako Udaleko Gizarte zerbitzuetako arloak grafikoki eta hitz laburrekin jarduera definitzen duen triptikoa banatuko du aste honetan. Udalak ekimen honetan parte-hartzeak duen onura zabaldu nahi du, batez ere ibilbidea egiten laguntzean. Parte hartzera animatzen da, adin mugarik gabe, paseoan ibiliz eta batez ere, lagunduz.

Ibilbideak Zuhaiztiko tabernan du amaiera, indarrak hartzeko salda edo zukua hartuz. Aste honetatik ostegunero irtengo da, ikasturte honetan uztailaren 5a bitarte.

 

Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena, eraginkorragoa izateko, Osoko bilkuran onartu zen eta foru erakundeak berretsi beharko du

Zerbitzuaren arautegia eta dagokion salneurri publikoaren ordenantza Udaletxeko Idazkaritzan daude kontsultatu nahi dutenentzat. Martxoaren 16an publikatu ziren Gipuzkoako Boletin Ofizialean eta erreklamazioak edo iradokizunak jartzeko epea zabalik dago apirilaren 24ra bitarte, aipaturiko udal Idazkaritzan. Erreklamaziorik ez balego, behin betikoa izango da adostutako akordioa.

Gainera, etxez etxeko zerbitzua hobetzeko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena –martxoaren 22ko Osoko bilkuran aho batez onartua- Aldundiak berritsi eta sinatuko du. Ondoren Udalak zerbitzua emateko kontratu berria esleitzeko prozesua hasiko du.

Etxez etxeko udal zerbitzuan egindako aldaketarekin Ordiziak aurrera segiko du Udal Gizarte Zerbitzuen sistema hobetu eta kudeaketa eraginkorragoa emateko.

MUXIKA ANAIAK ERREGE KATOLIKOEN GORTEAN. Gure Iragana taldearen eskutik hitzaldia D’Elikatuz gunean.Igandea , apirilak 15, goizeko 11:30etan

Jakina da Ordizia bere historia luzean pertsonai historiko handien sorterria izan dela eta gaur egun ordiziarrek era batean edo bestean ezagutzen dituzte pertsonai hauek. Lehengo otsaileko Ochoa Alvarez de Ysasaga Komendadorearen aurkezpenean ezarri genuen lerroa jarraituz, oraingo honetan pertsonai bat ekarri beharrean gure hiribildu txikiaren historian aro berri baten hasiera ekarri zuten anai –Muxikatarrak- talde batekin gatoz. Gudugarretako (Beasain) Muxika oinetxean ondorengoak eta XV mendean zehar jada Villafrancan kokatuta, Muxika anaiak beren aita eta aitonen karrera esanguratsuak bultzatuta ez zuten denbora asko behar izan haiek kabuz gailendu eta Errege Katolikoen gorteko goi karguak eskuratzeko. Baina batez ere gehien nabarmendu eta Ordiziako historiarentzat garrantzitsuena izan zena Martin de Muxica Komendadorea da.

Alvaro Aragon irakasleak emango du hitzaldia. Ostirala, 19:00 h. Barrenan

Ostiral honetan, apirilaren 13an, arratsaldeko 7etatik aurrera, Alvaro Aragon (Historian Doktorea, ikerlaria, EHU-ko irakaslea eta Euskal Herriko basogintzaren historian aditua)  historialariak  “Enirio-Aralar batasuna” izenburu duen hitzaldia eskainiko du Barrena Kultur Etxean, "Miguel de Aranburu" Gipuzkoako Historialari Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatutako “Ordizia 750-Historia” solasaldi zikloaren barruan.

Enirio-Aralarreko mendietako basoek ez zuten XVIII. mendera arte ustiapen gogorrik jasango. Ordura arte Batasunetako biztanleek behar zuten egurra soilik ateratzen zuten, ia ustiapen industrialik gabe. XVIII. mendean, aldiz, beheko aldeko hariztiak agortu zirenean, Enirio-Aralarreko pagoak hasi ziren ustiatzen ikatza, itsasontziak edo arma-kajoiak egiteko. Batik bat, inguruko burdinolak izango dira egur hori beharko dutenak. Dena den, XVIII. mendean ere, arraun industria indartsu bat garatu zen, batik bat, Donostian eta, besteak beste, Enirio-Aralarko pagadiak ustiatuko dituzte. Milaka pago arraunak bihurtu, Donostira eraman, eta handik Europa osora esportatu ziren. Al di berean, XVIII. mendean inguruko baserrien kopurua ugaldu egin zen eta hauek eraikitzeko zura behar zen eta bere biztanleek suegurra behar zuten sukaldatzeko edota beroa hartzeko urtean zehar.